Nekazaritza eta abeltzaintza

Behiak larrean

Altsasuko herri-lurrek 1.867 ha okupatzen dituzte; horietatik 1.469 ha baso-lurrak dira, 208 ha larreak eta 22 ha lehorreko laborantzak. Lehen sektoreak oso lagun gutxiri ematen dio lana eskualdean, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera urria baita.

Laborantza lurrak garrantzia galduz joan dira XX. mendean zehar eta egun oso urri dira herrian. Aldiz, gero eta gehiago dira abeltzaintzarako erabiltzen diren lurrak. Belarkien laborantzari dagokionez, patata eta zerealak dira hedatuenak (garagarra, garia eta artoa). Azken horiek laborantzarako lurren %50 hartzen dute. Zurezko laboreen artean, sagarrondoak dira garrantzitsuenak, era askotako zuhaitzak dauden arren.

1991tik 2000 urtera belarkien laborantzan eman den bilakaera aztertuz gero, nabarmen egin dutela behera ohartzen gara. Horrek erosioaren arriskua areagotzen du, laborantza lurrek sortzen duten babes-estaldura desagertzearen ondorioz. Bestalde, larrek eta belardiek hartutako lurrak eta baso-lurrak ez dira ia aldatu azkeneko urteetan.

Abeltzaintzari dagokionez, azienda buruen kopurua aldatu ez den arren, animaliak ustiakuntza gutxiagotan biltzeko joera antzematen da.