Historia

Jatorria.
Altsasun aspaldian jendea bizi zela ondoriozta dezakegu Urbasako mendizerran eta Koskobiloko, Ataboko eta Orobeko aztarnategietan bilatutako aztarnek erakusten dutenez. Altzania aldean Balankaleku eta Munaan I. eta II. trikuharri edo dolmenak aurkitu ditzakegu, Aratz-Altsasu aldean Saratxakolegi trikuharria eta Burunda-Ataun eremuan beste hainbat.
XII. mendean Alssatssu eta beste aldagai batzuekin agertzen da Burundako leku gisa. Ez zen Burundatik bereiztu herri aske gisa 1846 urtera arte. Hiria jaurerri errealekoa zen eta bere zerga ordaintzen zuen haran osoarekin batera, 1820. urtean egiaztatu dezakegun bezala. Honek suposatzen du Santxo VII. Garaiaren proiektuak ez zuela ondoriorik izan (1208). Proiektu honek Burundako biztanleria  elkartu nahi zuen, errazago babestu zitekeen gune batean. XIV. mendeko depresio handian, Altsasuko dermioari ondoan zeuden Angustina, Argiñano, Elcuren,  Sagatsua eta Ulayar dermioak gehitu zitzaizkion. Hiri onaren izendapena eta Erreinuko Gorteetan ordezkapenik  lortu ez bazuen ere, bere kokapenak berehala haranaren burua bihurtu zuen. Catalina eta Juan III. erregeek Gallurdea izeneko zerga kendu zioten (1498).
Oraindik XVI. mendean Altsasu Burunda haraneko batzarraren menpean zegoen eta horrela jarraitu zuen hurrengo hiru mendeetan. 1846 urtera arte batzarra Batzarramendian biltzen zen, Urdiainen desagertutako Santa Engrazia baseliza zegoen tokian. Erdi Aroan Burunda haraneko biztanleak 20 herrixka baino gehiagotan sakabanatuta bizi ziren, baina etengabeko gerrateak, lapurretak eta sarraskiak hainbat herri hustutzea ekarri zuen eta horrela XV. mendean gaur egungo ondoko sei herriak finkatu ziren: Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku.
Mendi eta basoen ustiapenaren gaineko auziak. 1516. urtean Burundako herriek, batez ere Altsasuk, Batzarramendin Segura, Idiazabal, Zegama eta Zerain gipuzkoarren aldetiko eta Agurain, Egilaz, San Millan eta Araia arabarren aldetiko buruekin hitzarmena sinatu zuten. Akordio honi “Altzaniako Partzuergoa” izena jarri zioten, eta bertan mugetako baso eta larreen ustiapena erdibanatzea erabaki zuten orduraino egon ziren arazoak konpontzeko. 1897an arazo hauek behin betirako konpondu ziren, bakoitzak bere   herri bakoitzeko lurralde eskumena onartu zuenean.
1802 urtean Altsasuk  aduana eta tabako administrazioa zeuzkan. 1849an irin errota bat eta landatutako 2400 erregu-lur zituen. Iruñeatik zetorren bidea oraindik gurdi-bidea zen, eta hemendik Gipuzkoara zihoana ferra moduzkoa. Bazeukan egurra mozteko eta mihisen industria, batez ere armategientzako.
1863an tren geltokia ireki zen eta 1907an Alfonso XII.ak Altsasu “Hiri Txit Prestua” izendatu zuen, bere hazkunde demografiko eta industriala onetsiz. Hogei urte pasa ondoren Altsasuk larruki eta txarol lantegi handi bat zuen, beste bat burni esmaltazketarena, zerrategi mekaniko bat, fundiola handi bat eta burdinazko ohe lantegia. Honetaz gain, bi gaseosa lantegi, zentral elektriko bat eta ortopedia-gailuak egiteko tailer bat. Guardia Zibilaren postua ere bazeukan, eta geltoki ondoan sortutako auzo berrian ostatuak ireki ziren eta hirian ere beste lau ostatu gehiago.
Industriaren garapen gune garrantzitsua.
XX. mendean eta bereziki 50eko hamarkadatik aurrera, Altsasuk izugarrizko industri garapena ezagutu zuen. Honek inmigrazio prozesu garrantzitsu bat ekarri  zuen, Estatuko leku desberdinetatik etorritako pertsonena, alegia. Batez ere Extremadurako jendea erakarri zuen Altsasuko industrializazioak. Honen ondorioz, biztanleriak gora egin zuen: 1850 urtean zituen 1000 biztanleetatik 1981ean 7250 izatera iritsi zen.