Senidetzea

PIEDRAS ALBAS:

Altsasu eta Extremadurako herri honen arteko senidetzearen jatorria 50eko hamarkadan kokatu behar da. Urte horietan migrazio-mugimendua handia izan zen eta Extremadurako familia asko etorri zen Altsasura bizitzera. Besteak beste, Extremadurako Alcantarako, Alisedako eta Piedras Albasko herritar asko heldu ziren herriko lantegietan lan egitera.

Senidetzearen lehendabiziko urteetan, Piedras Albasko alkatea eta zinegotziak Altsasura etorri ziren gurekin festa-egun batzuk ospatzera (San Pedroko erromeria, etabar). Halaber, Altsasuko udalbatzaren delegazio batzuk behin baino gehiagotan bisitatu zuten Piedras Albas eta Extremadurako beste zenbait herri.

Migrazio-mugimendua hain handia izan zen, non egun Altsasuko biztanleen %15 Extremadurako jatorrikoa den. Hori guztia kontutan hartuta, 90eko hamarkadan ofizialdu zen Extremadurako Piedras Albas eta Altsasuren arteko senidetzea.

Aipatzekoa da egun Altsasun martxan dagoen La Encina Kultur Zentroa. Zentroak jarduera asko antolatzen ditu urte barruan, haien artean nabarmenena Extremadurako Kultur Astea.

SENPERE

Altsasu eta Senpere arteko senidetzea 1991ko urriaren 13an gauzatu zen. Egun horretatik aurrera egin dituzte bi herriek senidetzea berresteko. Horien artean aipatzekoa da 2004ko azaroan eginiko gazteen arteko trukaketa.

Trukaketak honako helburuak zituen:

  1. Gazteei bere inguruan bizi diren pertsona batzuen historiaren zati bat ezagutzeko aukera ematea.
  2. Altsasuko eta beste herri batzuetako biztanleen arteko harremanak sustatzea.
  3. Beste ohitura batzuk, kultura eta abar dituen toki bat ezagutzeko aukera ematea (oso aberasgarria baita pertsonaren garapenerako).

Trukaketa 2004ko azaroan izan zen, Altsasuko 13 eta 14 urte arteko gazteen  eta Senpereko Zikirolatz dantza taldeko gazteen artean.