Agurra

Kaixo lagun,

Web-orri honek eskaintzen didan aukera aprobetxatzen dut Altsasuko alkate moduan zu agurtzeko. Web-orri honek Udaletxeko sail desberdinetan egunero aurrera eramaten den lana jakinaraztea du helburu. Jakingo duzun moduan gaur egun administrazio guztiek duten erronka -eta baita ere politikan gaudenok- hauen gardentasuna da. Izan ere, gardentasunak ez du soilik informazioa errazten, baita ere gizartearen partehartzea ahalbidetzen du. Gardentasuna eta partehartzea, XXI. mendeko erakunde publikoen erronkak dira, dudarik gabe.

Beti pentsatu izan dut Altsasuko Udaletxetik eskaintzen diren zerbitzuak anitzak eta onak direla, nahiz eta -noski- beti hobekuntzak ongi etorriak diren. Hobekuntza hauen artean zerbitzuen eskaintzaren informazioa dago, hau da, komunikazioa. Guzti horrengatik, zerbitzuen komunikazioa da, gardentasuna lortzeko tresna ez ezik, hauetaz disfrutatzeko ezinbesteko ezaugarria eta gizartearen partehartzea ahalbidetzeko ezinbesteko tresna.

Bukatzera noa. Web-orri honetan Altsasuko Udaletxeko zerbitzuen eskaintzaren berri ematen zaizu. Espero dut hemen aurkituko duzun informazioa baliagarria izatea eta noski edozein iradokizun baldin baduzu leiho hau hobetzeko jakinaraztea eskertuko nizuke.

Besterik gabe, jaso ezazu nire agurrik beroena.

Javier Ollo Martínez, Alkatea.