ZUZKIDURA-JARDUKETEI LOTUTAKO HIRIGINTZAKO BETEBEHARRAK GAUZATZEA EZINEZKOA IZATEAGATIK EMAN BEHARREKO DIRUAREN KALKULUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDEZ AURRETIKO KONTSULTA PUBLIKOA

otsaila 3, 2021

ORDENANTZAREN ZIRRIBORROAREN LABURPENA

Zuzkidura-jarduketez ari garenean, hirigintza-eraldaketarako jarduketez ari gara. Jarduera horien helburua lurzoru urbanizatutako eremu bateko zuzkidura publikoak handitzea da, eraikigarritasun handiagoarekin edo ukitutako eremuko lurzati bati edo gehiagori esleitutako erabilera berriekin duten proportzioa eguneratzeko.

Hiri-lurzoruko hirigintza-jarduketetan, jabeek legezko betebehar batzuk dituzte. Izan ere, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Testu Bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. artikuluan ezartzen dira. Besteak beste, espazioak laga behar dituzte komunitate-ekipamendu, parke, lorategi, aparkaleku eta bestelako zuzkidura publikoetarako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Testu Bateginaren 55. artikuluan ezartzen dira, oro har eta gutxienez, erabilera horietara zuzendu behar diren espazioak.

Lagapena erraza da jarduketa sistematikoa egin behar duten esparruetan. Haatik, hiri-lurzoru finkatuko zuzkidura-jarduketarik gehienetan, lagapen horiek ezin dira fisikoki gauzatu.

Kasu horietan, egin nahi den dotazio jarduketa arautzen duen Hiri Ekintzako Plan Bereziaren sustatzaileak diru kopuru bat ordaindu beharko dio Udalari. Ordenantza honek arautzen du diru kopuru horren zenbateko nola kalkulatu behar den.

ALDEZ AURRETIKO KONTSULTA PUBLIKOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, arauak egiteko prozeduretan herritarren parte-hartzea bultzatzeko, arau horrek ukitu ditzakeen pertsona eta erakunde adierazgarrienen iritzia jaso nahi du Udalak.   Hori dela eta, ordenantza onartu aurretik, jendaurreko kontsulta egingo da, herritarrek honako gai hauen inguruan duten iritzia eman dezaten:

a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.

Altsasuko Udalak erabaki du balio ekonomiko homogeneo eta objektibo bat finkatzea hirigintzako betebeharrak diru emanez betetzeko, lurzoruan fisikoki gauzatzea ezinezkoa denean. Definizio horrek herriko lurzoru guztiak berdintzen ditu, eta aukera berak ematen dizkie, ordenantza indarrean jarri ondoren zuzkidura-jarduketa guztiek legeak ezarritako lagapenak bete beharko dituztelako ordenantzan araututakoaren arabera. Modu horretan saihesten da lehenbizi gauzatzen diren zuzkidura-jarduketak, argudiaturik herrian zuzkidura gehiegi daudela, lagapena egitetik salbuesteko aukera; izan ere, salbuespen hori behin eta berriz onartuz gero, zuzkidurek gainezka eginen lukete eta zuzkidura-eragiketa berriak guztiz ezinezkoak lirateke.

Bestetik, ordenantzak aukera ematen du kudeaketako hirigintza hitzarmena sinplifikatzeko, aski izanen baita ordenantza honen eranskinean agertzen den ereduzko hirigintza hitzarmenari atxikitzea, eta modu horretan zuzkidura-eragiketen tramitazioa erraztuko da.

b) Onesteko beharra eta egokitasuna.

Ordenantza honen bidez Altsasuko Udalak arau-esparrua ezarri nahi du hirigintzako kudeaketa teknikaren eta balorazio tekniken arteko erlaziorako, balorazio-txostena oinarri harturik, hirigintzako betebeharra diru emanez bete behar denerako.

Lortutako diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondarera pasatuko dira, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 230.2 artikuluan ezarritako xedeetara egiazki zuzentzeari atxikirik. Hona hemen xede horiek: udalaren lurzoru-ondarea zaindu eta hedatzea; urbanizazio obrak egitea; sistema orokorrak eskuratu eta gauzatzea; ekipamendu kolektiboak edo udal erabilera publikoko beste instalazio batzuk eraikitzea; ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere; ordezko bizitokia emateko eta etxera itzultzeko gastuak; eta eraikinak erostea eta/edo birgaitzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.

c) Arauaren helburuak

Ordenantza honen xedea da zuzkidura-jarduketei lotutako hirigintzako betebeharrak diru emanez betetzeko prozedura arautzea.

d) Balizko konponbide alternatiboak, erregulaziokoak eta erregulaziokoak ez direnak.

Ezinbestekoa da esku artean dugun gaia ordenantza bidez arautzea, haren hartzaileak zein-zenbat diren jakiterik ez dagoelako, hurrengoko eta geroko aplikazioak jasan ditzakeelako eta ordenamendu juridikoaren aldaketa dakarrelako.

Aurreko guztia dela-eta, bidezkoa da kontsulta publikoa egitea, ordenantzak eragin ditzakeen pertsonen eta erakunde adierazgarrienen iritziak, iradokizunak eta proposamenak jasotzeko, hain zuzen ere, honako gai hauei buruz:

  1. a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
  2. b) Onesteko beharra eta egokitasuna.
  3. c) Arauaren helburuak.
  4. d) Balizko konponbide alternatiboak, erregulaziokoak eta erregulaziokoak ez direnak.

Aldez aurretiko kontsulta publikoa egiteko prozedura 2021ko martxoaren 3ko 14:00ak arte arte irekita egongo da. Iritziak, iradokizun eta ohar guztiak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: altsasu@altsasu.net  

Ordenantza zirriborroa

 


<< atzera