Etxebizitzen eraikinetan balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza onetsi aurreko kontsulta publikoa.

martxoa 2, 2020

ORDENANTZAREN ZIRRIBORROAREN LABURPENA

Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera erregulatzea hirigintzaren aldetik finkaturik dauden Altsasuko etxebizitzen eraikinetan.
Kontuan hartu behar da balkoiak eta terrazak ixteak ez dakarrela hirigintzako aprobetxamendua modu aipagarrian handitzea, eta, baimentzen ez denez balkoi edo terraza itxi hori etxebizitzako gainerako gelei eranstea, ez dela gela horien azalera handitzen, ezta etxebizitzaren banaketa aldatzen ere.
Orain arte aipatutakoaz gainera, ez da ahaztu behar etxebizitzaren eraginkortasun energetikoa hobetu nahi izatea izan daitekeela balkoiak eta terrazak ixtearen xedea. Energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitzen diseinuan jarduera ohikoa da espazio kristaldunak (galeriak edo behatokiak) sortzea gelen aurretik, bide ematen dutenak Eguzkiko erradiazioaren beroa biltzeko edo hotzaren kontrako babesgunea sortzeko, orientazioa zein den.
Horrenbestez, hainbat administraziotan etxebizitzen eraginkortasun energetikoa sustatzen ari bada (baita diruz laguntzen ere eraikinen ingurukari termikoa guztiz eraberritzeko edo berokuntza eta etxeko ur beroa sortzen duten elementuak ordezteko), zentzugabea litzateke Udalak helburu horretan laguntzen duen jarduketa bat galaraztea, batez ere horren aldekoa izanik exekuzio kostuaren eta lortutako hobekuntzaren arteko harremana.

ALDEZ AURRETIKO KONTSULTA PUBLIKOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, arauak egiteko prozeduretan herritarren parte-hartzea bultzatzeko, arau horrek ukitu ditzakeen pertsona eta erakunde adierazgarrienen iritzia jaso nahi du Udalak. Hori dela eta, Ordenantza onartu aurretik, jendaurreko kontsulta egingo da, herritarrek honako gai hauen inguruan duten iritzia eman dezaten:

a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.

Aintzat harturik balkoiak eta terrazak ixteak ekartzen duela etxebizitzari eranstea azalera erabilgarri moduan konputatuta ez dagoen azalera bat (guztiz ez, behintzat), eta hortaz, higiezinaren eraikuntza aprobetxamendua handitzen dela, Udalak irizpide izan du orain arte orokorrean halako itxierak ez baimentzea, planteamendu horretan ez baitziren aurreikusten. Itxiturak soilik baimendu dira hirigintzako tresnaren bat izapidetu den kasuetan.
Jarduketa horiek kontuan hartzeko asmoz, Hirigintza Batzordeak erabaki du horiek arautzeko Ordenantza bat sustatzea, aurreikuspen faltari aurre egiteko, iritzi baita errealitate horri heldu behar zaiola.

b) Onesteko beharra eta egokitasuna.

Balkoi edo terrazako itxitura bat egiteko obra-lizentzia bat ematearen egokitasunari eta une bakoitzean gauzatu nahi den itxituraren ezaugarri estruktural eta estetikoei buruzko araudirik ez dagoenez, Altsasuko Udalari gomendatzen zaio hori guztia Ordenantza baten bidez arautzea. Erregulazio horrek segurtasun juridiko handiagoa bermatuko du administratutako aldearentzat zein Udala berarentzat obra-lizentzia baimendu behar duen administrazio bezala.

c) Arauaren helburuak

Ordenantza honen helburua Altsasun terraza edo balkoia ixteko proiektu batek bete behar dituen ezaugarriak ezartzea da, dagokion obra-lizentzia eman ahal izateko.

d) Balizko konponbide alternatiboak, erregulaziokoak eta erregulaziokoak ez direnak.

Ezinbestekoa da esku artean dugun gaia Ordenantza bidez arautzea, haren hartzaileak zein-zenbat diren jakiterik ez dagoelako, hurrengoko eta geroko aplikazioak jasan ditzakeelako eta ordenamendu juridikoaren aldaketa dakarrelako.

Aurreko guztia dela-eta, bidezkoa da kontsulta publikoa egitea, ordenantzak eragin ditzakeen pertsonen eta erakunde adierazgarrienen iritziak, iradokizunak eta proposamenak jasotzeko, hain zuzen ere, honako gai hauei buruz:

a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
b) Onesteko beharra eta egokitasuna.
c) Arauaren helburuak.
d) Balizko konponbide alternatiboak, erregulaziokoak eta erregulaziokoak ez direnak.

Aldez aurretiko kontsulta publikoan parte hartzeko epea 2020ko martxoaren 22an bukatuko da, 14:00etan. Iritziak, iradokizun eta ohar guztiak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: altsasu@altsasu.

Ordenantza proposamena ( 3 MB ))


<< atzera