COVID-19 KORONABIRUSAK ERAGINDAKO OSASUN KRISIAREN ERAGINAREN AURREAN ALTSASUKO UDALAREN TRIBUTU ETA PREZIO PUBLIKOEN KUDEAKETA SISTEMA BERRIA

apirila 7, 2020

COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz, Altsasuko Udalaren Ogasun Sailak azterketa bat egin du egoera horrek udal-tributuen (zergak eta tasak) eta prezio publikoen jaulkipenean eta kudeaketan izango duen eraginari buruz, bai eta diru-sarreren partidetan aurrekontuan izan dezakeen eraginari buruz ere, ahaztu gabe hartzen diren erabakiek Udalaren likidezia-egoera bermatu behar dutela.

Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2020ko apirilaren 3an onartu zuen Foru Lege Proiektua, koronabirusaren osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartzen dituena. Neurri horien artean daude toki-erakundeei eragiten dieten batzuk.

Horrela Altsasuko Udalaren 2020ko ekitaldiko egutegi fiskala berrantolatzea erabaki da, eta honako berrikuntza hauek sartu dira:

Borondatezko ordainketaren epearen luzapena

  • 2020ko apirilaren 30era arte luzatzea 2020ko martxoaren 14a baino lehen amaitu ez diren udal tributuen ordainketa-epeak, bai banakako jakinarazpenenak, bai ordainagiri bidez aldizka kobratzen direnenak.

  • 2020ko martxoaren 14tik aurrera egindako jakinarazpenei dagozkien udal tributuen eta ordainagiri bidez aldizka kobratzekoak diren udal tributuak ordaintzeko epeak 2020ko ekainaren 1era arte luzatzea.

Uraren tasaren ordainagiria igortzeko maiztasuna

Uraren hornidura-zerbitzuaren tasei dagokienez, kontuan hartuta alarma-egoerak debekatu egiten duela kontagailuak irakurtzea, ordainagirien jaulkipena hirutik bira murriztuko da ekitaldi honetarako. Horrela, seihilekoka biratuko lirateke, eta 2020ko lehen seihilekoari dagokiona uztailean emango litzateke

Zergen ordainketa geroratzeko aukera

Aurrekoarekin batera 2020ko abenduaren 31ra arte geroratu ahal izango dira ordainarazpena ordainagiri edo patente bidez egiten duten tributuak, baldin eta borondatezko epean ordaintzen badira 2020ko martxoaren 14tik irailaren 30era bitartean, udalari eskaera arrazoitua egin ondoren, bermerik eman gabe eta berandutze-interesak sortu gabe, eta betiere eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean baditu. Egoera horrek bere horretan jarraitu beharko du gerorapena indarrean dagoen bitartean.

Zerbitzu publikoak emateagatik edo ESPAZIO publikoa erabiltzeagatik tasak eta prezio publikoak

Prezio publikoen eta tasen zenbatekoa proportzioan itzuliko da, COVID-19k sortutako egoeraren ondorioz edo horri aurre egiteko administrazio publikoek hartutako neurrien ondorioz, zerbitzu publikoa, administrazio-jarduera edo espazio publikoa erabiltzeko edo aprobetxatzeko eskubidea osorik edo zati batean ematen edo garatzen ez denean. Zergadunak tasa edo prezio publikoaren zenbateko osoa ordaindu duen zerbitzu edo jardueretan, eman edo garatu gabeko kopuru osoa edo zati proportzionala itzuliko da ofizioz.

Hileko edo hiruhilekoko ordainketa zatikatuen kasuan, hala badagokio, baliatu gabeko denbora zerbitzuak eta jarduerak berriz hasten direnean egiten den hurrengo likidazioan konpentsatu ahal izango da.

Espazio publikoaren erabilera pribatiboagatiko edo aprobetxamendu bereziagatiko tasen kasuan, zergadunak horren zenbateko osoa ordaindu badu, toki-erakundeak ofizioz itzuliko du alarma-egoeran ezarritako murrizketek eragindako zati proportzionala edo osoa, eta, hala badagokio, hurrengo ordainagirian ere konpentsatu ahal izango da. Likidatu gabekoen kasuan, sortzapen-data edozein dela ere, alarma-aldiari dagokion zatia murriztuz kalkulatuko da kuota, eta hainbanatu egin beharko da.

Aurretik aipatutako itzulketak ere ofizioz edo interesdunak eskatuta egin ahal izango dira, toki-erakundearekiko zorrak konpentsatuz.


<< atzera